2013(e)ko abenduaren 23(a), astelehena

OLENTZERORI ETA MARI DOMINGIRI GUTUNA


Kaixo lagunok! 

Gaurkoan, Anoetako Gazte Asanblada kideok Olentzerori eta Mari Domingiri idatzi diogun eskutitzarekin gatoz.


Zer moduz bizi zarete? Nolakoa izan da aurtengo urtea zuenean? Guk hemen jarraitzen dugu Anoeta eta inguruetan, gure ale txikia jarri nahian. Urtea joan eta urtea etorri antzeko eskariak egiten dizkizuegu eta aurtengoan ere antzekoak egin beharrean gara, Euskal Herritik urrun dauden seme-alabak ez baitira etxekoen berora gerturatu eta epe laburrean egiteko itxurarik ere ez da nabari.
Baina aurtengoan ekartzea baino bidaltzea da eskatu nahi dizueguna. Inguruan gero eta putre gehiago ageri da eta ez dute alde egiteko itxurarik. Eraman itzazue gure herritik gau eta egun lehergailuz mendiak zulatzen dituzten AHT zale horiek, eraman itzazue urrutira euskal herritarrak auzipetu nahi dituzten sasi-epaile horiek, eraman itzazue LOMCE eta antzeko legeak inposatu nahi dizkiguten horiek, eraman itzazue abortuaren legea onartu duten horiek, eraman itzazu frankismo garaiko irakasle-zerrenda beltzak egin nahi dituzten horiek…
Zerrenda luzeegia da ordea egun batean eta zaku batean eramateko. Lasai guk ere jarriko ditugu zakuak eta gu bidelagun izango gaituzue langintza horretan. Ametsetako herria elkarrekin egin behar dugulako eta kolorez margotzeko prest gaudelako muxu handi bat bidea elkarrekin egin nahi duzuen guztioi!

Anoetako Gazte Asanblada

Ea hurrengo urtean Olentzero eta Mari Domingirekin batera Euskal Herriaren Askatasuna ospatzeko aukera dugun, bitartean, lanean jarraitu beharko dugu. Bidea gurekin egin nahi?






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina