2015(e)ko otsailaren 21(a), larunbata


Kaixo! 


Otsailean ere ez dugu aspertzeko denborarik izan Anoetako Gazte Asanbladako kideok. Hilaren 7an Dantza Soka egunean parte hartu genuen, eta Tolosako ihauterietan Euskal mitologia ardatz hartuta, akelarrea osatu genuen Tolosako kaleetan. 

Ihauterien zurrunbilotik bueltan, gaur, hilak 21, neska gazteen topaketa feministak burutuko dira Tolosan. Egun osoan zehar hamaika ekitaldi izango dira: tailerra, mahaingurua eta poteoa, besteak beste. Egunari amaiera emateko, berriz, La Otra, Kattalin MJ eta Xarma MJ taldeen kontzertuak izango dira Anoetako Gaztetxean.

Era berean, otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna zela eta, "Tortura en Euskal Herria" dokumentalaren emanaldia izango da hilaren 22an, igandea, arratsaldeko 18ak aldera.

Hilaren 27an, ostirala, Bi Bala eta Zain taldeen kontzertuak izango ditugu Anoetako Gaztetxean. Sarrera 5 eurokoa izango da, eta 22:30ean hasiko dira kontzertuak.

Zain taldea Berrizen sortu zen 2005-2006ko neguan. Beraien musika ibilbidea 2008an grabatutako maketa batekin hasi zen, eta maketa honekin Gaztea XIX. maketa lehiaketa irabazi zuten 2010ean. Honen ondotik,  “XXI. Mendeko piratak izeneko lehen diskoa kaleratu zuten, eta 2013. urtean, “Egunsenti berri baten bila” (Baga-Biga) izenburutzat duen bigarren diskoa heldu zen. Aurten 10.urteurrena bete dute, eta oholtzara igotzeko grina piztu zaie. 

Bi Bala egitasmoak 2013ko Bertso Egunean hasi zuen bidea Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagaren eskutik. Gaur egun, Julen Goikoetxea eta Xabi Etxeberriak ere osatzen dute taldea, eta, hain zuzen, laukoteak burututako Wasabi diskoa aurkeztuko digute.







Gonbidatuta zaudete! 


Gero arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina