2013(e)ko irailaren 3(a), asteartea

ABUZTUAK 31, GAZTE EGUNA ANOETAKO GAZTETXEAN


Pasa den larunbatean, abuztuak 31, Gazte Eguna ospatu zen Anoetako Gaztetxean. Goiz-goizetik hamaika ekitaldi izan ziren Gaztetxean; egunari hasiera emateko, goizeko 9:00tan 50 bat gazte elkartu ginen gosaltzeko.

Indarrak hartu ondoren, generazio berriari ongi etorria egin genion eta asanblada burutu genuen generazio berriari gaztetxeko arauak, helburuak, antolaketa, etab...azaldu eta urte guztiko errepaso eta ebaluazioa egiteko.



Gero, eguerdiko 12:00tan, hamaiketakoa egin genuen: sagardoarekin batera, txorixo eta haragi egosi pintxo goxo-goxoak prepatu zituzten asanbladako kideek.

Hamaiketakoa bukatu bezain laister, Gazte Asanbladako sukaldari finek paella sukaldatzeari ekin zioten. Horrela, eguerdiko 14:00tan 70 bat gazte mahaiaren bueltan eseri ginen paella jateko.


 Bazkariaren ondotik, eta ontziak garbituta, mus txapelketaren txanda izan zen. Aipatzekoa da mahai-joku honek Anoetan duen ospea; izan ere, bikote mordo batek hartu zuen parte txapelketan eta Araitz Luisa eta Beñat Sainz izan ziren garaile.



Mus txapelketa eta gero, ipurdia aulkitik altxatzeko garaia ailegatu zen. Arratsaldeko 18:00ak jo zutenean, poteo musikatuaren txanda izan zen. Herri guztian zehar ibili ginen giroa jarriz, musika eta jokuak tartekatuz.

Poteo musikatua eta gero, gaueko 21:00tan, gaztetxean bildu ginen berriz ere ogitartekoa jateko.

Gaueko 00tatik aurrera "NonNahi" erromeri taldearen kontzertua izan genuen ikusgai. Talde gazte honek sekulako giroa jarri zuen gaztetxean eta kontzertuaren ondoren, karaokearen txanda izan zen; asko izan ziren eszenatokira igo zirenak beraien ahotsak erakustera.

Horrela bada, hurrengo urtera arte agurtu genuen Gazte Eguna. Hurrengo urtean zehar hamaika ekitaldi izango ditugu Gaztetxean; hemen izango duzue denen berri, baina gomendio bat, etorri guregana, gozatu eta disfrutatu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina